XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraren fundazioa da, baita, parrokiko elizan egun oro, 1744 urtez gero, Arrosarioa esatearena, eta halaber arratsaldeko hiruretan Kredoa esateko agonia ezkila jotzearena.

Baina guztiaren gainetik, eta bere bihotz zabalaren ezagugarritzat edo-eta eraspen garbiaren monumendu bezala hor daukagu Seguran elizako aldare nagusiko erretaula bikaina, bere izatea osoki herriko seme ospatsu honi zor diolarik.

Herrira heldu zelarik, Uharte Arakilen aurkitzen zen gure gizona biziki gaizki eta han, hil aurretik, testamentua baietsi zueneko ondorioa izan zen.

Hara, 1743-ko Urrilaren 15 fetxa darama, eta zera zen erabakietarik bat: hamabi mila pisu uzten zituela urretan, eta urrezko nahiz zilarrezko hainbat gauzaki Segurako parroki elizan erretaula berria eraiki zedin, eta beraz, mandatuaren kunplitzeko Joakin Lardizabal, bere iloba, izendatu zuen testamentaritzat.

Aipaturiko ondasun kopuru horren kargura eraikia izan zen erretaula eta garai hartan hain aditua zen Diego Martinez Arce, madritar arkitektoaren, zuzendaritzapean egina.

Agidenez, erretaula amaiturik ere, ondasun multzoa sobera gelditu zen, eta haiekin Gurutze Sainduaren eta Arrosarioko Ama Birjinaren aldareak ziren egin (1) Aldare biok tailatu zituen artista, segurarra bera ere: Antonio Arsuaga da. Erretaula nagusian, neurri desberdineko 42 irudi ezarri ziren, biziki ederrak denak ere, eta Luis Salvador Carmona, balentziar artistaren obrak.

Halaber, dokumentuetan datzanez, elizaren sabaiko ganga egin zeneko obrak, 1690an burutuak, eta ojibal moldeko azken hondarretakoak hain xuxen, Martin Lardizabalen emaitzez kosteatuak izan ziren hein handi batetan, horretarako espreski 17.000 erreal utzi zituelarik.

Gisa honetako jokabideak lekuko, ongi ikusirik dugu udal artxibategia arakatzen ibili garenean, zer nolako goraipamen eta eskerrona ageri den dokumentuetan segurar herritarren gandik biografiatzen ari garen herriko seme leial honen ganako.

Ez da batere harritzeko, izan ere.